Azaroak 9

19:00, BBK ARETOA

LFG
105 min
Sean Fine, Andrea Nix

Frantziako 2019ko emakumeen mundu mailako futbol-txapelketa baino hiru hilabete lehenago, Estatu Batuetako jokalariek –txapeldun izan ziren– demanda kolektibo bat aurkeztu zuten beren futbol-federazioaren kontra genero-diskriminazioa dela eta. HBOk produzitu duen LFG (akronimoa: Let`s fucking go) dokumentalak historia hori aurkezten du, auzia sustatu zuten jokalarietan zentratuta: Megan Rapinoe, Jessica McDonald, Becky Sauerbrunn, Kelley O’Hara, Christen Press, Sam Mewis eta Julie Foudy jokalari ohia. Emakume-talde baten erretratu intimo eta zirraragarria da. Eliteko kirolarien eskakizunak betetzen dituzte, baina, aldi berean, beren adorea, espiritu hauskaitza eta indarra erakusten dute, emakumeen eskubideen aldeko aldaketa sozial iraunkor bat lortzeko esfortzu itzela eginez.

Juan Villoro

Juan Villoro idazlea eta kazetaria da; Mexiko Hirian jaio zen 1956an. Gaztelaniaz idazten duen munduko idazle garrantzitsuenetako bat da. Irakasle izan da UNAMen, eta irakasle bisitaria Yale, Princeton, Stanford eta Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateetan, baita Gabriel García Márquezek sortutako Nuevo Periodismo fundazioan ere. Reforma egunkariko (Mexiko) zutabegilea da, eta nazioarteko hainbat komunikabidetan idatzi du, besteak beste The New York Times (EEBB), El País (Espainia) eta El Mercurio (Txile) egunkarietan.

Hogeita hamar liburu baino gehiago idatzi ditu, eta genero ia guztiak jorratu ditu: eleberria, saiakera, kronika, antzerkia eta haurrentzako literatura. El libro salvaje gazteentzako nobelaren milioi bat ale baino gehiago saldu ditu mundu osoan. Hainbat sari jaso ditu: Nobelako Herralde saria (2004), Rey de España kazetaritzako nazioarteko saria (2018), José Donoso Iberoamerikako saria (2012) eta Manuel Rojas saria (2018). Necaxa eta FC Barcelona taldeen jarraitzailea da, eta bere lanetako batzuk futbolari buruzkoak dira, hala nola Los once de la tribu (1995), Balón dividido (2019), La cancha de los deseos haurrentzako liburua (2010) edo Dios es redondo (2006).

Azaroak 10

19:00, San Mames BAT, Ipar Aretoa

Futbola eta literatura

Juan Pablo Sorín / Juan Villoro / Marcel Beltrán

Juan Villoro
Juan Pablo Sorin

Juan Pablo Sorín (Buenos Aires, 1976) Argentinako jokalari ohi bat da. Besteak beste River Plate, La Lazio, FC Barcelona eta Paris Saint Germain taldeetan aritu zen. Internazionala izan zen talde zuri-urdinarekin, zeinarekin 2002ko eta 2006ko munduko txapelketak jokatu baitzituen. Ezkerreko alboko jokalari erasotzailea izan zen, eta, bere jokoagatik ez ezik, bere izaeragatik eta gizarte-inplikazioagatik ere nabarmendu zen. Cruzeiron hartu zuen erretiroa, 2009an. Han omenaldi-partida bat jokatu zuen, harmailetan hirurogei mila zale baino gehiago zeudela. Zelaian, futbolista eta artista ugari aritu ziren, besteak beste, Sócrates. Erretiroa hartu ondoren, kazetaritzan, berriemaile-lanetan eta letren munduan aritu zen. Lehenago, elkartasunezko liburu koral bat, Grandes chicos, argitaratu zuen, besteak beste Eduardo Galeano, Juan Gelman edo Roberto Fontanarrosaren laguntzarekin.

Marcel Beltran (Bartzelona, 1993) Panenka aldizkariko kazetaria da fakultatetik atera baino lehenagotik, eta gaur egun editorialaren arduradun digitala da. Halaber, laguntzailea da komunikabide batzuetan, hala nola Público edo El Nacional.cat hedabideetan. Idazle gisa jokatu duen lehen partida eta bakarra Kafka en Maracaná (2020) izan zen, Miguel Ángel Ortiz eta David García Cames bere adiskideekin batera idatzi zuen futbolari eta literaturari buruzko kontakizunak biltzen dituen liburua.

Azaroak 11

19:00, San Mames BAT, Ipar Aretoa

“Futbola eta euskara” film laburraren proiekzioa, eta solasaldia Jose Anjel Iribar, Patxi Gaztelumendi, Ainhoa Tirapu eta Jon Maiarekin

1980ko maiatzaren 30ean omenaldia egin zitzaion Jose Angel Iribarri San Mamesen, Athletic Club eta Real Sociedad taldeek jokatutako partidarekin. Atezainak euskarazko kirol-hiztegi bat egiteko eman zuen partida horretan bildutako dirua. Uzeik argitaratu zuen hiztegi hori, 80ko hamarkadaren hasieran, eta kazetari eta euskaltzale ugarik parte hartu zuten hiztegia prestatzeko prozesuan.

Antxon Ezeiza zinema-zuzendariak Ikuska dokumentalak argitaratu zituen garai berean, zine-formatuan. Iribarren ekarpenari esker, ezagutzera eman ziren Mendia eta euskara, Arrauna eta euskara eta Futbola eta euskara film laburrak. Berrogei urte geroago, azken pelikula horretaz gozatzeko eta gaur egun euskarak kirolean duen egoeraz hitz egiteko aukera izango dugu.

Anjel Iribar

Zer esan? Mito zuri-gorria. Hamazortzi denboraldiz jokatu zuen; 614 partida guztira. Ziur aski, kamiseta zuri-gorria jantzi duten guztietatik, Athletic Club taldearen jarraitzaileek gehien miresten eta maitatzen duten pertsona da.

Iribar
Ainhoa Tirapu

Ainhoa Tirapu

Zer esan kasu honetan ere? Mito zuri-gorria izan da emakumezkoen atean hamabost denboraldiz; 358 partida jokatu ditu guztira. Erabateko erreferentea da estatuko emakumezkoen futbolean, eta beti nabarmendu da emakume jokalarien eskubideen aldeko lanean. Bere esperientzia azaldu zuen Bizitza eskukadaka liburuan. Athletic Club Fundazioak argitaratu zuen, eta Miren Rubio kazetariaren laguntzarekin idatzi zuen.

Patxi Gaztelumendi

Patxi Gaztelumendi Larrabetzun jaio zen, Lezama ondoan, Municheko olinpiadak egin ziren urte berean. Athletic-ek gabarrarekin itsasadarra zeharkatu zuenean 11 urte zituen, eta gogoan du ospakizun haietan De Andrések eskua eman ziola, jokalariak Bizkaiko herrietatik eraman zituen kamioiaren goiko aldetik.

Patxirentzat, San Mames, kirola eta hizkuntza lotuta daude, eta poztasun berarekin ospatzen ditu Bai Euskarari ekimenaren eta Athletic-en golak. 1999ko ligan, Euskaldunon Egunkarian ari zen lanean, eta bere Macintoshean idatzitako partiden kronikak garaipenen adierazle dira. Garai hartan, Luis Fernández zen entrenatzailea, eta Patxik egin zuen lehen elkarrizketa Tikori egin zion, Lezaman.

Euskal kirolak, herriak, hizkuntzak, berdintasunak eta gure kirolariek «Gu ere bai!» izeneko nazioarteko ekimenean parte hartzen dute gaur egun.

Jon Maia bertsolaria

Jon Maia

2010ean, Pedro Asbeg brasildar zinema-zuzendariak elkarrizketa egin zion Sócratesi Democracia en blanco y negro filmerako (Thinking Football Film Festival 2015eko saria irabazi zuen). Handik gutxira, futboleko mito hori hil egin zen. Orain, Pedro Asbegek filmazio horren material argitaragabea erabili du Sócratesi gutun bat idazteko, non ardatza baita jokalaria ez dagoenetik Brasilgo politikak eta futbolak izan duten deriba tamalgarria.

Azaroak 12

19:00, San Mames BAT, Ipar Aretoa

Carta a Sócrates
Brasil, 2021, 12 min
Pedro Asbeg

Azaroak 12

19:00, San Mames BAT, Ipar Aretoa

Somos el Red Star

Frantzia, 2020, 52 min
Christian Paureihe eta Monica Regàs

Somos el Red Star dokumental frantsesa da, Jules Rimetek 1897an sortutako Red Star Parisko taldea aurkezten duena. Taldeak lotura estua du Frantziako hiriburuko ezkerreko mugimenduekin eta langile-mugimenduekin. Christian Paureihe eta Monica Regàs zuzendarien filmak futbolaz hitz egiten du, eta Bauer estadio mitikoan bizimodua nolakoa den azaltzen du, artxiboko irudien eta zaleen, klubeko zuzendarien eta jokalari ohien lekukotzaren bidez. Baina, halaber, hizpidera ekartzen ditu hezkuntza (Red Star Lab izeneko hezkuntza-proiektu abangoardista du Red Star taldeak), komunismoa, txabolak, Comédie Française delakoa, Jules Rimet, Seine-Saint-Denis eskualdea (Frantziako pobreena eta gazteena), poesia, sukaldaritza eta erresistentzia frantsesa.

Filma proiektatu ondoren, zuzendariek eta Patrice Haddad klubeko presidenteak ikusleekin hitz egingo dute.

Azaroak 13

19:00, San Mames BAT, Ipar Aretoa

Publizitatea eta futbola

Antonio Pacheco (Pach) eta Santi García

Futbolak eta publizitateak lotura estua eta harreman zaila dute aspalditik. Topaketa honetan, bi publizista ospetsuk harreman horretaz hitz egingo dute, modu informalean, eta publizitatearen historia berrienean izan diren futbol-iragarki onenak eta txarrenak proiektatuko ditugu.

Antonio Pacheco, Pach

Erdiko defendatzaile gogorra, erdilari baten eitekoa; Real Madriden zalea da jatorriz, eta Espanyolen zalea adopzioz. Muga kromatikoak izan arren, propagandan ari da lanean duela 25 urtetik hona, eta nolabaiteko arrakasta izan du kritikaren eta publikoaren artean. Haren kanpainek sariak lortu dituzte nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan, baina aitorpen garrantzitsuena Real Madrid taldearentzat lan egin zuenean lortu zuen. Emilio Butragueñok hau esan zion: «zu Real Madriden oso zalea zara, nonbait». Horrez gainera, futbolaren alderdi absurdoenari buruzko liburuak idazten ditu. Azkena, Saber y Empatar, Miguel Gutiérrezekin batera sinatu zuen.

Antonio Pacheco
Santi García

Santi García Bilbon jaio zen, Clementek Athletic Club-ekin lehen liga irabazi baino bost egun lehenago, eta Bilbon uholdeak gainezka egin baino lau hilabete lehenago.

Publizista da bokazioz eta lanbidez; JWT agentzian hasi zen, eta duela hamabost kanpainatik gaur arte Shackletonen dago, kreazio-zuzendari exekutibo postuan. Etxetik 600 km-ra, Bartzelonan, aipatzerik behar ez duen talde horren sorterrian.

Athletic Club-eko Isma Urzaizen jarraitzailea da, baita hemen zehaztu ezin den –doako publizitaterik ez egiteko– gozotegi bateko gurinezko opilena ere.

FutbolisTOC Zuhaitz Gurrutxagak bakarka egin duen bigarren lana da. Ikuskizun honen ardatza Gurrutxagak lehen mailan jokatu zuen garaia da. Real Sociedad taldean izan zen hori. Confidencias de un Futbolisto bere lehen bakarrizketako pasarte batzuk berreskuratzeaz gainera, garai hartako bizipen eta pasadizo gehiago plazaratzen ditu bigarren honetan.

Halaber, lehen mailako jokalari bihurtu zenetik zuzenean jasan duen NOK (nahasmendu obsesibo-konpultsiboa) izeneko gaixotasunaz hitz egingo digu; jendaurrean egiten duen lehen aldia izango da.

Elgoibarko bakarrizketariak umorez garatzen ditu gai horiek guztiak, erakusteko norbere buruaz barre egitea dela egunerokoan agertzen zaizkigun arazoak eta gorabeherak erlatibizatzeko modurik onena.

Azaroak 14

19:00, San Mames BAT, Ipar Aretoa

FutbolisTOC

FUTBOLISTOC

Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980) futbolaria izan zen Real Sociedad, Rayo Vallecano eta Real Unión taldeetan, besteak beste. Futbola utzi ondoren, telebistako programa batzuk aurkeztu ditu ETBn, hala nola Handitzen, Handitzen edo Herri txiki, infernu handi . Halaber, zenbait bakarrizketa sortu ditu, non, umorea oinarritzat hartuta, futbolari profesionala izateak zer dakarren azaltzen baitu. FutbolisTOC izenburua duen azken bakarrizketan bere esperientzia kontatzen du, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa izan baitzuen.